Zuzeneko asegurua


Derrigorrezko estalduran, kaltetutakoari nozituriko kalteengatiko indemnizazioa eman beharko dio Partzuergoak, legez finkaturiko mugaraino (pertsonei eraginiko kalteen kasuan 70 milioi euro ezbehar bakoitzeko, biktima kopurua zeinahi dela ere, eta 15 milioi euro ezbehar bakoitzeko, ondasunei eraginiko kalteen kasuan). Partzuergoak obligazio hori bete dezan exijitzeko, kalteturikoak edo honen herederoek zuzeneko egintza betearazi ahal izango dute (honek, urtebetea igarota, preskribatu egingo du).


Derrigorrezko aseguruaren mugak gainditzen dituen borondatezko estalduran, indemnizazioa gehienez ere 50 milioi euro izango da ezbehar bakoitzeko (kalte pertsonal eta materialengatik, batera) ibilgailu partikularren kasuan. Partzuergoan aseguratutako ibilgailu ofizialak direnean, borondatezko estaldura horrek ez du mugarik.


Estaldura subsidiarioa


Partzuergoak lurralde eremuaren barnean kalteak nozitu dituztenei indemnizazioa eman behar die, derrigorrezko aseguruaren muga kuantitatiboraino; kalteturikoak Partzuergoaren aurkako zuzeneko egintza betearazteko aukera ere izango du. Erakunde horrek ezin du ipini, indemnizazioa ordaintzeko baldintza gisa, pertsona arduradunak ordaintzerik ez izatea edo ordaindu nahi ez izatea froga dakion exijitzea.


Osasun-artapeneko prestazioak


Adierazitako indemnizazio horiez gainera, beharrezkoa den osasun-artapeneko gastu guztiak (sendagileak, botikak, ospitaleak, etab.) ordaintzea onartuko du Partzuergoak, kalteturikoa sendatu eta ondorioak finkatu arte. Gastu hori behar bezala justifikaturik agertuko da, emaniko artapenaren izaera aintzat izaki.


Lurperatze- eta hileta-gastuak


Heriotzarik gertatuko balitz, ehorzketa- eta hileta-gastuak ere ordaintzea onartuko du Partzuergoak, justifikatzen den muntan, zerbitzua ematen den tokiko ohituren arabera.


Errepikatzeko eskubidea


Eskubide hau Partzuergoak betearaziko du gainerako aseguru-erakundeen kasu eta baldintza berdinetan, hots, Motordun Ibilgailuen Erantzukizun Zibil eta Aseguruei buruzko Legeko 10. artikuluan. Aseguratu gabeko ibilgailua denean, berriz, ibilgailuaren jabearen, ezbeharraren arduradunen aurka edo ezbeharra eragin duen ibilgailua lapurtu dutenen edo lapurrak ezkutatu edo lagundu dutenen aurka errepikatu ahal izango du, baita ibilgailuaren lapurretaren berri izan duen ezbeharraren arduradunaren aurka ere. Errepikatzeko eskumena egikaritzean, Partzuergoak ordaindutako indemnizazioaren kopurua egiaztatzen duen Aseguruen Konpentsazio Partzuergoko Lehendakariaren ziurtagiria titulu betearazlea izango da baldin eta, arduradunari ordaintzeko dei egin zaiolarik, deitu zaionetik hilabetean ordaindu ez badu.